Afiliatuak garen aldetik, hainbat eskubide ditugu:
Geure eta besteren jarrera politikoak ahoz edo idatziz askatasun osoz eztabaidatzeko eta kritikatzeko eskubidea. Sindikatu barruan zein kanpoan, adierazpen publikoak, balioespen eta iritzi-azalpenak askatasunez, zintzo eta arduraz egingo dira, betiere pertsonen duintasuna eta sindikatuko organoek beren eskumenen esparruan demokratikoki hartutako ebazpenak eta erabakiak errespetatuz.
Barneko eta kanpoko hauteskunde-prozesuetan hautagai eta hautesle izateko eskubidea, estatutuetan adierazitako afiliazio-antzinatasunari edo bateraezintasunari dagozkion salbuespenak salbuespen. Eskubide hau erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da kotizazioan egunean egotea.
Geure hautetsiak eta arduradunak politikoki kontrolatzeko eskubidea, egiazko informazioan, adierazpen librean eta pertsonekiko errespetuan oinarrituta eta honi buruz ezarritako barne-arauak betez.
Prestakuntza sindikala edo teknikoa izateko eskubidea, erakundeak esleitzen dizkigun zereginak ahalik eta baldintzarik onenetan egin ahal izateko.
Sindikatuko zuzendaritza, erabaki eta kontroleko organoek hartutako erabakiei buruzko informazioa eta, oro har, erakundearen barne-bizitzari eta bere kanpo-jarduerari dagozkion gai guztiei buruzkoa jasotzeko eskubidea.
Erakundearen baliabide materialak eta giza baliabideak erabiltzeko eskubidea, geure betebeharrak betetzeko eta geure eskubideak dagozkion zuzendaritza-organoen baimenarekin erabiltzeko.
Bidegabeko erasoen aurrean sindikatuaren beraren kanpo-babesa izateko eskubidea, eta barne-babesa izatekoa organo eskudunen jardun inpartzial eta orekatuaren bidez.
Sindikatuak ezarritako zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko eskubidea; horretarako nahitaezkoa izango da kotizazioan egunean egotea.
Erakundearen barruan ordaindutako lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea, izendapen libreko lanpostuak izan ezik.