Sindikatuaren esku-hartzea ez da enpresako ekintza sindikal hutsean amaitzen. UGTk, Espainiako Konstituzioak sindikatuei ematen dizkien eskumenak baliatuta, oso esparru zabalean parte hartzen du, erakundeen arloan hasi eta gizarte-alorrera arte.
“Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko sozialak babestu eta sustatzeko.” Konstituzioaren 7. artikulua
Langileen interes sozial eta ekonomikoek aise gainditzen dituzte “enpresako ateak”, izan ere, enplegua eta lanbide-heziketa, osasuna, gizarte-babesa eta beste hainbat sartzen dira haien barruan.
Lana eraginkorragoa izan dadin, UGT - Euskadik, bere kongresuan, erakundearen maila desberdinetako zereginak eta eginkizunak banatzea erabaki zuen. Lau urtez behin, kongresuetan, UGTko partaide garen guztiok aurreko urteak ebaluatzeko prozesuari ekiten diogu eta hurrengo lau urteetarako proposamenak aztertzen ditugu.
Afiliatu guztiek dute atal sindikaletan hasi eta kongresuan amaitzen den prozesu horretan parte hartzeko eskubidea. Kongresuak gure estatutuak, araudiak, egitura eta barne-funtzionamendua onartzen ditu, baita hurrengo 4 urteetarako ekintza-programa ere.
KONGRESUA
Erakundearen organo erabakitzaile behinena da, lau urtez behin biltzen dena. Bertan honako hauek egiten dira, besteak beste:
UGTko organismoen kudeaketaren onarpena edo gaitzespena.
Hurrengo urteetan jarraitzeko ildoa, orokorrean herritarren eta bereziki langileen arazoen diagnostikoan oinarrituta.
Batzorde betearazleko eta kontrol-batzordeko kideak hautatzen ditu.
Kongresuko ordezkari-kopurua afiliatu-kopuruaren arabera zehazten da, federazioen eta batasunen arteko proportzioa ezarriz.
BATZORDE NAZIONALA
Ziztu bizian aldatzen ari den gizarte honetan lau urte denbora luzeegia denez, lau urteko agintaldian (kongresuen arteko aldia) batzorde nazionala sei hilez behin biltzen da.
Kongresuen arteko organo erabakitzaile behinena da.
Euskadiko eskualde-batasunetako eta federazioetako 75 ordezkarik, batzorde betearazleko kideek eta sailetako kideek osatzen dute.
BATZORDE BETEARAZLEA
Euskadiko UGTren zuzendaritza-organo iraunkorra da. Kongresuan hautatzen da gehiengoaren botoen bidez, ordezkariek banakako eta isilpean egiten duten bozketan. Gure azken kongresuak erabaki zuen batzorde betearazleak 9 kide izango zituela. Sindikatua ordezkatzen dute eta honako arlo hauetan lan egiten dute:
Idazkaritza Nagusia
Antolakuntzako Idazkaritza
Diruzaintza
Ekintza Sindikaleko Idazkaritza
Berdintasunerako Idazkaritza
Prestakuntzako Idazkaritza
Idazkaritza Betearazleak
KONTSEILU NAZIONALA
Batzorde betearazleak erabakiak hartu behar dituenean hari aholku emateko eta kontsultarako organoa da. Euskadiko federazio eta batasunetako idazkari nagusiek osatzen dute. Urtean lau aldiz biltzen da.
KONTROL BATZORDEA Gardentasun, eraginkortasun eta efizientzia-printzipioari jarraiki, kongresuan hautatzen dira partaideak:
UGT - Euskadiren hiru hileko eta urteko kontuak eta balantzea berrikusten ditu.
Eskualde-batasunen kontuak eta balantzeak ikuskatzen ditu.